Jolastoki inklusibo berrian jolasteko aukera izango dute aurrerantzean Antzuola Herri Eskolako ikasleek, haien eskaerei erantzuna emateko asmoz barruko patio grisa birmoldatu eta askotariko espazioez osatutako jolastoki bat sortu baitute. Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan, ordea, Silvia Ezpeleta ikastetxeko zuzendariak adierazi baitu prozesu baten emaitza dela: "Zuzendaritza proiektu berri batean sartu ginen, eta galdetegi bat pasatu genien familiei, irakasleei eta, batez ere, ikasleei; galdetu genien ea zer-nolako eskola nahi zuten. Bota zuten ideia zaparrada, baina asko-asko errepikatzen zuten ideia izan zen patio berri bat nahi zutela".
Hala ere, ikasleek eskaera hori egin aurretik, zuzendaritzak jada behaketa bat egina zuen jolastokian, eta antzeman zuen jolastokiko espazioak generoaren arabera banatzen zirela, hein handi batean: mutilek okupatzen zuten gehiengoa, eta, horrez gain, erdigunea, eta neskak, ondorioz, izkinetan gelditu ohi ziren. "Horrek kezkatu egiten gintuen, eta justu momentu hartan konturatu ginen ondoko herrietan patioak berritzen hasi zirela inklusiboago egiteko". Hala, Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin jarri ziren harremanetan, eta ohartu ziren patioa moldatzeko dirulaguntzak zeudela momentu hartan.
Askotariko espazioak
Umeen eskaerari erantzunez, beraz, askotariko espazioak dituen patioa dute orain. Horietako bat berdegunea da, eta, esaterako, sormenerako espazio bat izatea ahalbideratzen du, hala nola antzerkirako eta marrazteko; horrez gain, oreka eta desoreka jolasetarako eraikinak ere baditu, eta inguruetan bilguneak, haurrak elkarrekin bil daitezen. Gaztetxoagoentzako, berriz, rokodromo bat eta hondar-gune bat ere badira.
Terrazan ere badaude espazio berriak: hondar-gune bat, arbolen oskolekin osatutako beste eremu bat eta hiru loreontzi handi. "Horrek erraztuko digu bertako produktuak landatzea, adibidez". Halere, badute beste proiektu bat ere: "Eskolan hiltzen zaizkigun maskotak lurperatzera beti jo dugu kanpora, baina espazio honetan lurperatu genitzake aurrerantzean; are gehiago, horrek aukera emango digu lurpetik atera eta gorpuekin zer gertatzen den ikusteko ere".