Amaia Arana: "Etxearen helburua da bizi-kalitatea hobetzea"

Mirari Altube Arrese 2024ko api. 19a, 13:16

Amaia Arana Corral (Aretxabaleta, 1988) arkitekto aretxabaletarraren BAT Etxea 2024 Arkitektura Sariak sariketarako hautagaia da. Espainiako Arkitektoen Kontseilu Gorenak (CSCAE) antolatutako lehiaketa da, hirugarrenez deitu dute eta 185 proiektu izan dira aukeratuak aurten; horietatik hamalau, Hego Euskal Herrikoak. Maiatzean emango dute finalisten berri eta ekainean banatuko dituzte sariak.

Pozik zure lan bat hautatu dutelako sariketarako?

Pentsa, sari hori ematen du Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenak eta urteko arkitektura lanik onenak saritzen ditu. Hortaz, aukeratuen artean izatea sekulako poztasuna da. Maiatzean emango dute finalisten berri, eta kalitatezko hainbeste lanen artean egotea zaila izango da, baina orain arteko ibilbidearekin oso pozik gaude.

Beste aitortza batzuk ere izan ditu proiektu horrek, ezta?

Bai. Egurrezko arkitekturari aitortza egitea helburu duen AMAD sarietan hautatua izan zen, eta 2023ko Zurezko Arkitektura proiekturik onenak biltzen dituen AITIM aldizkariaren zerrendarako ere bai.

Zer dauka etxe horrek berezia?

Diseinuari dagokionez, edertasunaren edo irudi garbi baten bila joan gara. Horrez gain, hasiera-hasieratik genuen garbi jasangarria izan behar zuela; horregatik, erabilitako material nagusia egurra izan da. Alemaniako Passivhaus Institutuaren irizpideak jarraitu dira eraikuntzan eta emaitza onekin gainditu ditu egindako test guztiak. Era berean, bauhaus korrontearen barruan kokatuko genuke, hiri inklusiboagoak, ederragoak eta jasangarriagoak bultzatzen dituen arkitektura mugimenduaren baitan. Gure helburua izan da bertan biziko direnen zein ingurukoen bizi-kalitatea hobetzea.

Bakarrik jardun duzu lanean?

Ez; behin etxearen diseinua erabakita eta materiala zehaztuta, egur kontuetan esperientzia handia duen Iñaki del Prim arkitektoarengana jo nuen. Proiektua asko gustatu zitzaion, eta biok batera jardun dugu lanean; obraren zuzendaritzaren ardura biona izan da.

Bezeroak zer dio? Gustura dago?

Oso pozik; izan ere, hasierako fasean haiekin batera landutakoa lortu da: jasangarria izatea, kontsumo baxukoa, egurrari esker goxoa… Bertan bizi dira dagoeneko eta benetan gustura daude. Sari honen izendapena dela eta haiekin egon berri naiz, eta zera esan zidaten: "Zuek pozik egongo zarete orain hautaketarekin, baina gu horren aurretik gaude pozik, etxearen eguneroko funtzionamenduarekin". Hortaz, ni horrekin geratzen naiz; izendapena ondoetorria da, baina bezeroa pozik uztea bezalakorik ez dago.

Hortaz, proiektu horrek poztasun asko eman dizkizu.

Bai; oso proiektu garrantzitsua izan da niretzat, bai profesionalki, bai pertsonalki. Luze joan da prozesua, urte asko pasatu dira hasiera hartatik, eta obra bukaerara iristear zela ama izan nintzen; hortaz, benetan berezia izan da.

Egurrarekin eraikitako BAT Etxea

Egurrez eraikitako familia bakarreko etxe pasiboa da. Bi isurialdeko teilatua duten hiru bolumenez osatuta dago eta horien artean espazio gardenak daude. Egurra izan da material nagusia. Egurrezko lamekin jantzitako fatxada eta teilatua ditu, alero barik eta inongo apaingarri barik. Horrek "irudi garbia" ematen dio, "maketa bat" izango balitz moduan, eta estetika hori lortzea izan da "erronka nagusietako" bat. Egur kontralaminatuzko hormak dira, itxitura funtzioa dutenak, eta, horri esker, barrualdean zutabe gabeko espazio handiak eta atseginak lortu dira.

Usurbilgo Zubieta auzoan dago 390 metro karratu erabilgarri dituen etxea. Edertasunarekin batera jasangarritasuna izan da helburua, eta passivhaus irizpidea jarraituta eraiki da. Bauhaus korrontearen barruan dago kokatuta.

(Argazkiak: Jesus Granada)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak