Debagoieneko Trikitixa Egunerako dena prest

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 3a, 10:29

Maiatzaren 1ean egindako pandero tailerra. (Argazkia: Maixa Lizarribar)

Dena prest dago bihar ospatuko den Debagoieneko trikitixa Egunerako. 400 bat lagun espero dituzte antolatzaileek, eta Eskoriatza, Elgeta, Aretxabaleta, Aramaio, Soraluze, Bermeo, Bergara, Oñati, Antzuola eta Arrasateko jendea bertaratuko da

Bihar ospatuko dute Arrasaten Debagoieneko Trikitixa Eguna. Urtero ospatzen den eguna da hori, baina modu ibiltarian egiten da. Elgetan ospatu zuten eguna joan den urtean, eta aurten Arrasateren txanda izango da. Hirugarren buelta izango da aurtengoa; hau da, Arrasaten ospatuko den hirugarren aldia. Eskoriatza, Elgeta, Aretxabaleta, Aramaio, Soraluze, Bermeo, Bergara, Oñati, Antzuola eta Arrasateko trikitilariak bertaratuko dira aurtengo ediziora.

Egun osorako egitaraua prestatu dute antolatzaileek, baina aurretik ere tailerrak egin dituzte. Maiatzaren 1ean izan zen lehen ekimena, pandero tailerrekin. Izer eta Iraide Ansorenak eman zituzten tailerrak, Kulturolan. Ondoren, Soinuak duena tailerra eman zuen Maixa Lizarribarrek. Gaur emanaldi berezia izango dute, Vanesa Muela gaztelarrak kontzertua eskainiko du, 19.30etatik aurrera, Portaloian.

Trikitixa Eguna

Egitarau oparoa antolatu dute Trikitixa Eguneko antolatzaileek zapaturako. 10:00etan emango diote hasiera egunari, Vanesa Muelaren tailer batekin. Ondoren, 11:30ean, eskolaka banatu eta kalejiran ibiliko dira parte-hartzaileak. 12:30ean Portaloian bilduko dira eta haurrek emanaldia egingo dute han.

Ondoren, kalejiran Garibaira joango dira, eta helduen txanda izango da han bertan. Kalejira amaitzeko, 13:30ean Herriko Plazan geldituko dira, eta gazteen txanda izango da. Ondoren, 14:00etan, lekuko aldaketa egingo dute. Hirugarren buelta horretako lehen lekuko aldaketa izango da. Modu horretan, Aretxabaletari egokituko zaio datorren urteko Trikitixa Eguna antolatzea. Horren ostean, hainbat kantu joko di- tuzte elkarrekin. Plazatik Uarkapera joango dira jarraian, eta bazkariari ekingo diote. Anto- latzaileek 400 pertsonatik gora espero dituzte bazkaltzeko.

Bazkalostean, 17:30ean, kalejira erraldoia egingo dute parte hartzaile guztiek elkarrekin. Kalejira Uarkapen bertan hasiko da, eta poliki-poliki Herriko Plazara gerturatzen joango da. 19:00etan, Herriko Plazan, Iratzar taldeak erromeria saioa egingo du. Erromeriaren doinuekin emango diote amaiera aurtengo Trikitixa Egunari.

Trikitia, goranzko bidean

Eneritz Urrutia Arrasateko Trikitixa Eskolako irakaslearen arabera, Arrasateko eskola goranzko bidean dago eta trikitia, orokorrean, osasuntsu dago. "Gorabeherak izan ditu, guztiak bezala. Gazteengan eta txikiengan moda kontua izan ohi da, baina, gure ikuspuntutik, gorakada handia izan dugu jende helduarekin. Gazteak ere badatoz, baina aurten esparru horretan izan dugu gorakada. Oso polita da bizitzaren fase horretan bizitzari beste poztasun bat eman nahi izatea". Debagoieneko gainontzeko eskolak ere bide beretik doazela uste du Urrutiak.

Hala ere, goranzko joera hori ez da Debagoienera mugatzen. "Lehengo taldeek boom bat edukitzen jarraitzen dute. Argi eta garbi ikusten da, Arrasate mailan, aurreko egunean Gozategik izan zuen arrakasta", adierazi du Urrutiak. Erromeria tradizionalak beheranzko joera izan duela uste du, betiere, Neomak, Huntza, Süne eta halako trikiti talde berriekin alderatuz gero. Hala ere, onartzen du gaur egun ere bizirik mantentzen direla erromeria tradizionalago horiek: "Tradizio hori beti mantendu da indartsu, eta gaur egun ere badu indarra. Egia da gazteenek, Maixa gure irakasle izanda, Maixa eta Ixiar entzun eta ez dituztela ezagutzen testuinguruan jarri arte. Hala ere, denborarekin kutsu hori mantentzen dutenek lotura egiten dute, eta hortik ulertu daiteke Aristerrazu moduko lekuek gazteen artean izan duten gorakada". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak