Bergarako Ipintza futbol zelaiko belar artifiziala udan berrituko dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko api. 19a, 12:02

Ipintzako futbol zelaia, asteon. Ekainaren 28an 16 urte beteko dira zelai artifiziala inauguratu zenetik; ordutik ez da aldatu. Argazkia: Bergarako Udala.

Ia 16 urte belarra aldatu barik egon ostean, Udalak 230.000 euro bideratuko ditu Ipintzako zelaia berritzeko eta bestelako hobekuntza batzuetarako. Proiektua lizitazio fasean dago, eta, udal teknikarien arabera, "dena ondo bidean", udan egingo dira lanak.

Ipintza futbol zelaiko belar artifiziala aldatu eta ekipamenduetan "hainbat hobekuntza" egingo ditu Udalak, eta, horretarako, lanak lizitaziora atera ditu. Guztira, 230.000 euro –BEZa barne– bideratuko dituzte proiektu horretarako, eta, udal teknikarien arabera, "dena ondo bidean", lanak udan zehar egingo dituzte. Hau da, Ipintzako zelaiak mugimendu gutxien duen urteko sasoia baliatu nahi dute, datorren denboraldirako belarra berrituta egon dadin.

Ia 16 urte dituen belarra

Ipintza futbol zelaiari 2008an jarri zioten belar artifiziala; hain zuzen ere, 2008ko ekainaren 28an inauguratu zuten zelai berritua, BKEren eta BTLS taldeen arteko derbi batekin. Ordutik ia 16 urte pasatu direnez, belar artifizial berria jartzea erabaki dute; aintzat hartu behar da adituek gomendatzen dutela belar artifiziala gehienez hamabi urtean behin aldatzea. Ezin da ahaztu, gainera, Ipintzak erabilera bereziki handia izan duela, Agorrosingo belar naturala egunerokoan erabiltzeko aukerarik ez zegoelako.

Horretaz gain, futbol zelaian bestelako hainbat konponketa ere egingo dituzte, hala nola erregadio sistema zein ur-hodiak errepasatu eta sare perimetrala berritu. Proiektuak jasotzen du, aldi berean, Ipintza futbol zelaiko belarra, ateak, inguruko sarea eta aspertsoreak berritzea. Eta, gainera, azpiko zoruaren planimetria zuzendu eta ura eramateko kanaleten sistema konponduko dituzte, horretarako beharra ikusten bada. Obraren azalera osoa 5.652 metro koadrokoa da, Ipintzako futbol zelaiak duen neurria –95 metro bider 59,5 metro–. Barrualdean, zelaiko lerroak kolore desberdineko soropilez markatuko dituzte, eta 90x56 metroko neurriak izango ditu. Gainera, zelaiaren zati bakoitzean futbol zazpirako zelaia ere markatuko dute, Ipintzak izan ohi duen erabilera handiari begira.

"Hobekuntzak" fitness gelan

Udaleko zinegotzi Olatz Manuelek azpimarratu duenez, "oso garrantzitsua" da Udalaren jabetzakoak diren azpiegiturak "ahalik eta modurik egokienean" mantentzea, eta gogora ekarri du kiroldegiko fitness gelan ere aldaketa batzuk egingo dituztela: "Gure ustez, Udalarenak diren azpiegiturak ondo mantentzea oso garrantzitsua da, eta, alde horretatik, Agorrosin kirolgunean fitness aretoan hobekuntza batzuk egingo dira; makineria zaharra kendu eta berria jarriko da, batez ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak