El Volquete musika taldea, biluzten eta barrenak ateratzen "bakarra"

Hasier Larrea 2024ko mai. 3a, 12:16

Arrasaten batzen den El Volquete hirukoteak lehen diskoa kaleratu du gaur plataforma digitaletan: El NO-DO de El Volquete. Zazpi abestiko lana "artistak berezko izan behar duen konpromisoarekin" egin dutela diote, "gaur egun ezohikoa dena".

Batzuetan, detaile txikiek eragiten dute iritziz aldatzea. Adibidez, kamiseta jakin bat eramatea musika talde bat sortzeko txinparta izan daiteke. Aitor Barbadillo bateria-jotzaileari hori gertatu zitzaion Antton Carretero Lords Of The New Church bandaren elastikoarekin ikusi zuenean: "Ordura arte, dezente gogaitzen ninduen abesti propioak zeuzkala eta erakutsi nahi zizkidala esanez, eta egun hartan pentsatu nuen agian merezi zuela kasu egitea".

Eta horrela eratu zen El Volquete, 2020 inguruan. Carreterok hitzartuta zeukan Gillen Mendikute lagun baxu-jolearekin entseatzen hastea, behin perkusioa nork jo lotzen zuenean. Talde-lanean, gitarra akustikoarekin lagundutako hitzei forma musikala emateari ekin eta kantu landu samarrak atera zitzaizkien, azkenerako.

Depos Gaz lokaletatik irten gabe, Mikel Arriarani eskatu zioten el NO-DO de El Volquete izeneko zazpi kantuko lana ekoitz zezan, eta, diotenez, "kolorea eman die konposaketei". Nere Txakartegik ere jarri du bere alea, azalaren diseinua egin eta Las perreras abestian zeharkako txirula sartu baitu. Bestalde, Oier Beitia Magu-k koruak egin ditu Mortaja abestian.

Rock gordina gustuko duenak plataforma digitaletan frogatuko du hirukotearen esentzia. Era berean, kantu bakoitzean igarriko du Carreteroren erreferenteen kutsua: "Obligaciones, Nacho Vegas, Eskorbuto, Doctor Deseo... Eta hitzen estiloan, agian, Bukowskiren eragina ere badaukate; izan ere, abesti gehienak maitasun suizidari buruzkoak dira. Tira, gehienbat, gizarteari botaka egitea bilatzen dut; inguruan dauzkagun gaiak presente izanda, adibidez, adikzioak, erlijioa eta terrorismoa, paretaren aurka jaurtitako maitasunaren metaforak egitea".

Antton Carretero, Gillen Mendikute eta Aitor Barbadillo.

"Artistaren konpromisoa"

Ez dute inongo konplexurik tristura, abandonua eta estresa adierazteko, ezta "punk-rocka egiten dutela esaten duten taldeak" kritikatzeko ere. Horren harira, Gabriel Celayak La poesía es un arma cargado de futuro olerkian darabilen gaiari egin diote keinu: "Guk barrenak husteko egiten ditugu kantuak, eta ez inork onartu gaitzan. Egiak kontatzen ditugu, eta uste dugu konpromiso hori daukan bakarretakoak garela; hau da, nik badakit gaizki gera naitekeela abesti bat idazterakoan, baina hori da daukadan konpromisoa. Aldiz, talde gehienek ez dute ausardiarik euren bizitzako egiak kontatzeko. Hortaz, hitz hutsalak idazten dituzte, konpromiso gutxikoak. Ez daukate artista batek izan behar duen biluzteko obligazioa. Ez dira bustitzen eta errazkeriatan erortzen dira".

Carreteroren esanei Barbadillok jarri die ginga: "Inguruko taldeen musika betiko txikle bera mila bider mastekatzea bezalakoa egiten zait, ez dute zaporerik, ez dira elkarren artean bereizten".

Helburu argia

Gustura asko jasoko lituzkete kontzertuak jotzeko gonbidapenak Instagramen, horrekin batera helburuetako bat lortzeko urratsak egingo lituzketelako: gazte jendearengana iristea, hain zuzen. "Izan ere, 35 urtetik gorakoengandik jaso ditugu iruzkinik positiboenak". Hala ere, ez dute ezagun egiteko intentzio handirik: "Pozik gaude garen modukoak izanda; izan zaitez zu zeu!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak