Herriaren izenean maila emateko prest daude

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 3a, 12:00

Iazko Oñatiren eta Amezketaren arteko kanporaketa. Argazkia: Imanol Soriano

Gaur hasiko da 56. Herri arteko Pilota txapelketa, eta Debagoieneko bi talde arituko dira lehian: Bergara eta Oñati. Bergararrek Amasa-Villabona izango dute aurkari eta txantxikuarrek, hirugarren urtez jarraian, Amezketaren aurka jokatuko dute

Iluntzean abiatuko da 56. Herri Arteko Pilota Txapelketa, Debagoieneko bi talde tartean direla: Oñati eta Bergara. Oñatiarrek hirugarren urtez jarraian Amezketa izango dute aurkari eta bergararrek, berriz, Amasa-Villabonaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Helburua, nola ez, kanporaketa gainditzea izango da.

Errebantxa gogoarekin

Oñati eta Amezketa elkar ezagutzen duten aurkariak dira; izan ere, azken bi urteetan elkarren aurka aritu dira. Bietan, baina, Amezketa izan da nagusi. Oñatiarrak errebantxa gogoarekin daude gaur (20:00) hasiko den kanporaketarako. "Ea gaur punturik eskuratzerik dugun eta datorren astean etxean kanporaketa gainditu ahal dugun. Ea hirugarrena gure aldera datorren", dio Mikel Aramendia Oñatiko entrenatzaileak.

Kadete mailan Iker Rodriguez eta Etxahun Lizarralde, gazte mailan Joanes Oses eta Manex Madinagoitia eta nagusien mailan Ibon Perez eta Iñigo Erle arituko dira. Aramendiak dio kadeteetan Amezketa dela "faborito" eta nagusietan "pare katuta" egongo dela; beraz, gazte mailako neurketan egon daiteke gakoa.

Iazko arantza kendu nahi dute

Bergarak aho-zapore txarrarekin amaitu zuen iazko Herri Artekoa, eta arantza hori "kendu" nahi dutela esan du Julen Aranburu entrenatzaileak. Kadete mailan, Aritz Etxabe eta Aratz Etxeberria, gazte mailan Aratz Ormaetxea eta Peru Alberdi eta nagusien mailan Ander Etxaniz eta Arri Otermin izango dira Bergarako pilotariak. Kanporaketan aurrera egiteko moduan daudela uste du Aranburuk: "Taldea motibatuta dago. Uste dut gure maila ematen badugu aurrera egin dezakegula. Kadeteen eta nagusien mailan bikote politak ditugu, eta haien partiduak irabazteko moduan gaudela esango nuke. Gazte mailan, aldiz, ikusi egin behar zer gertatzen den. Ahalik eta tanto gehien egitea ere oso garrantzitsua izango da". 18:30ean ekingo diote bergararrek aurtengo Herri Artekoari, eta, gaur emaitza onak lortuz gero, datorren astean etxean borobildu nahi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak