Belaunaldien arteko transmisioa, literaturatik

Imanol Beloki Unamuno 2024ko api. 19a, 09:22

Ezagutuz ulertu, ulertuz maitatu lehiaketako irabazleetako bat, aitonaren biografia kontatzen, iaz

Ezagutuz ulertu, ulertuz maitatu izeneko egitasmoaren barruan, aitona-amonen biografiak idatzi dituzte Eskoriatzako ikastetxeetako seigarren mailakoek; hiruk kontakizuna egingo dute protagonisten aurrean, Zaldibar antzokian, 18:30ean hasita.

Gaurko ekitaldiari hasiera emateko, Beheko Errota musika eskolako ikasleek Lagun bat badut izeneko musika emanaldia egingo dute, arratsaldeko sei eta erdietan hasita. Gero, Eskoriatzako 12 urteko gazteek, euren aitonen edo amonen gainean idatzitako biografia lehiaketako saridunek, biografiak irakurriko dituzte aitonen edo amonen aurrean.

Hiru kantu hasteko

Musika eskolako hamar ikasle izango dira Zaldibar antzokiko oholtza gainean eta hiru abesti kantatuko dituzte, guztira. "Ikasle horiek kantu koraleko ikasleak dira. Haiek ez dute instrumenturik joko, abestu egingo dute, soilik, eta, haiekin batera, Araceli Guridi Beheko Errota musika eskolako zuzendaria eta irakaslea izango da pianoarekin laguntzen; ikasleak gidatzen, berriz, Itziar Izagirre irakaslea arituko da.

58 lan eta hiru saridun

Zaldibar antzokia musikaz girotu ondoren, Ezagutuz ulertu, ulertuz maitatu aitona-amonen biografien lehiaketaren sari banaketa egingo dute, eta irabazleek idatzitako biografia-lana irakurriko dute. Eskoriatzako ikastetxeetako seigarren mailako 58 parte-hartzaile izan dira, guztira, eta saridunak honako hauek izan dira, lan hauekin: Nikole Intxausti, Amama Pilar lanarekin; Josu Lekuona, Amama Arantxa-rekin; eta Sara Bouchakourt, Nire aitona Mohamed lanarekin. "Ekitaldi arrakastatsua izaten, eta baita hunkigarria ere. Iaz ere zoriondu gintuzten ekitaldira etorri zirenek. Ekitaldi goxoa izaten da, nahiz eta epaimahaia osatzen dugunontzat zaila izaten den hiru saridun aukeratzea. Lan oso onak jaso ditugu", adierazi du Iñaki Agirianok, Eskoriatzako Bibliotekako arduradunak.

Literatura, musikaz blai

Domekan, berriz, Literatura Juntaixe egitasmoa izango da, 12:30ean, Zaldibar antzokian. Ekimena ere ez da berria, eta bertan, liburu eta mokadu ederren artean bildurik, irakurketak egingo dituzte herritarrek, musikaz lagunduta. Sarrera doan izango da. Dorleta Kortazarrek gidatuko du saioa, eta oholtza gainean Xabi Gonzalez, Maite Encina, Sara Agiriano eta Julia Guerra izango dira. "Irakurleek euren gustuko liburu baten pasarteak irakurriko dituzte, eta liburua gomendatu". Ekitaldia girotzeko, Beheko Errota musika eskolako gitarra hirukoteak Mikel Laboaren kantak eskainiko ditu irakurketekin tartekatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak